Zer da «anarru»?
Bakion, «anarrua» mozorroari berari esaten zitzaion («anarrua jantzi», «anarrua erantzi»), baita mozorrotutako pertsonari ere; «anarrutu», berriz, mozorrotzea zen. Aratuste egunari «Anarru eguna» deitzen zitzaion: galtzeko zorian egon den bertako berba, adineko bakiotar askok oraindik gogoratzen dutena.
Bakion egindako ikerketari esker, ez da ospakizuna bakarrik berreskuratu: herriko hizkeraren parte den «anarru» berba ere ekarri da gaur egunera. Labayru Fundazioak jasotzen du dagoeneko, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean (EHHA) ere agertzen da: «Anarru jantzita ta, arpeie tapáute ta juergan…», dio Bakioko lekukoak.
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Anarru Eguna lehen
Aratuste garaia heltzen zenean, iluntzean anarruak irteten ziren kalera, baserri eta auzoetako bideetara, aurpegia estalita eta arropa zaharrez jantzita, parean topatzen zuten edonor beldurtzeko.
Neu be urtenda nau anarru, anarru jantzitxe. 15 urtegaz edo umiau bere. (…) Kalabaziegaz edo edozelan jantzitze, jentie ikeratuteko.
Aitxeñe etorten zan urtero, bat, anarru jantzitxe. Sekule ez du jakin nor zan. Erpeidxe tapeta ekarteuen, eta erropa zaharrak.
«Anarru prakagorri,
Anarru Egunean,
tostadak jan ta jan,
ta, kaka ein ezinean.»
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Birsorkuntzaren oinarriak
Hamarkada luzez beste herrietako inauteriak egin ondoren, Bakioko herriak, Itxas-Alde Dantza Taldearen gidaritzapean, berezko aratustea berreskuratzea erabaki zuen. Beste inauteriek asko lagundu zuten aratusteen funtzionamendua ulertzen. Orain, ordea, gurea egin nahi genuen. Hona hemen birsorkuntzaren oinarriak:
Ahozko lekukotzak eta ikerketa
Herriko adinekoei egindako elkarrizketak (2020 eta 2024) eta Iñaki Prieto Martiartu ikertzailearen lana izan dira oinarri nagusiak. Iñaki Itxas-Alderen dantza maisua izan zen urte luzez, eta taldeak elkarte izaera hartu zuenean, 1986an, lehen lehendakaria izan zen. Hamarkada bi baino gehiago daramatza Bakioko toponimia eta historia ikertzen, eta haren ezagutza ezinbestekoa izan da.
Iturri idatziak
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Jentilbaratz aldizkaria, Emilio Xabier Dueñasen lanak eta J. A. Urbeltzen Danza vasca: aproximación a los símbolos liburua.
Fraka gorriak, gure bereizgarria
Bakioko leloan oinarrituta, anarruak fraka gorriak jantziko ditu. Gorria inauteriekin lotutako kolorea da: Urbeltzen arabera, gosearen eta izurriteen kolorea da («gose gorria», «negu gorria»). Neguaren aurkako borroka izurriteen eta zomorroen aurkako borroka ere bazen. Mozorrotzea, finean, zomorrotzea da, zomorro bihurtzea.
Bertako izaki mitologikoak
Herritarrek kontatutako iditxuak berreskuratu dira.
Herriko historia
XVIII. mendeko lapur bakiotar baten istorioa Joseostu pertsonaiaren oinarria da.
Txakolina
Bakioko ezaugarririk ezagunenetakoa da. Garai batean baserri gehienek egiten zuten, baina XIX. mendeko eta XX. mende hasierako izurriteek (filoxera, artzuria…) mahastiak ia desagerrarazi zituzten. Adibidez, 1920ko hamarkadan Barturen baserrian 16.000 litro inguru egiten ziren, eta hamar urte geroago familiak edateko adina baino ez. Gaur egun txakolina biziberrituta dago herrian. Lotura horretatik dator zahagi-dantza: izurria mahatsondoetatik urrun mantentzeko dantzatzen da.
Dantza eta musika berriak
Itxas-Aldek 70eko hamarkadatik dantzatu duen Aranoko zahagi-dantzaren moldea jarraitu da, egun honetarako sortutako musika eta aldaerekin. Anarruen zortzikoa ere sortu da, beren-beregi konposatutako musikarekin.
Ibilbidearen esanahia
Kalejira herriko errekaren ondotik doa, intsektu eta zomorroen bizilekutik: Tabernaldeko frontoian hasi, Udaletxeko plazan geldialdia egiten da zahagi-dantzarako, eta Arezabaleko plazan amaitzen da, Joseosturen erretzearekin eta anarruen zortzikoarekin.
Anarrua lotan euki dogu,
pasatu da denborea.
Albo batean egon da baina,
heldu da bere unea.Berba bat baino gehiago da ta,
barriztu dau ohiturea,
anarrua jantzi, anarru izan,
hortxe dozu aukerea.Dantzan eiteko, edo olgetako,
anarrue da gurea,
herrian kantu eta antzerkiz,
aurrera doa katea.Bizi-bizirik eusteko ez bada,
zertako da ondarea?
Herriarena izan dadin
Bakioko Udalarekin eta Maule Productions-ekin elkarlanean, hainbat ekimen egin ziren: hitzaldia Txakolingunean (urtarrilaren 19an), umeei, gazteei eta adinekoei grabatutako lekukotzak, trailerra, anarruen zortzikoa ikasteko dantza ikastaroa (otsailaren 2an) eta anarru janzteko irizpideak. Lehen urtean Itxas-Aldek gidatu du jaia, baina helburua da beste elkarte eta herritar batzuk ere bertaratzea, herriak Anarru eguna bere egin dezan.
2024ko otsailaren 17an, hamarkada askoren ostean, anarruak berriro atera ziren Bakioko kaleetara. Ondarearen transmisioaren haria behin betiko eten aurretik lotzea lortu da.
Nor da nor Anarru Egunean
Anarrua
Iditxua
Hartza eta hartz-jagolea
Mahatsorria
Artaburua
Arranak
Ezkonbarriak
Atsoagureak
Abadea
Zahagiak eta zahagi-dantzariak
Joseostu
Epailea
Bideoak
Anarru Eguna, urtez urte
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Anarru Egune
Bakioko Udalak eta Itxas-Aldek sustatua, antzinako ihauteriaren berreskurapena aitortu eta hauspotzeko. Zuberoa Andresek zuzendu eta Maule Productionsek ekoitzi du, Kalakan taldearen soinu-bandarekin. Herriko nagusien, antropologoen eta adituen testigantzak biltzen ditu. Herritik herriarentzat sortua, Anarru Eguna bera bezala.
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Bideoa YouTubetik kargatzen da, zure baimenarekin bakarrik.
Dokumental osoa doan ikus daiteke ETB ON plataforman.
- Zuzendaritza eta gidoia
- Zuberoa Andrés
- Ekoizpena
- Maule Productions · EITB Media
- Urtea
- 2026
- Iraupena
- 46 min
Iturriak
Iñaki Prieto Martiartu ikertzailearekin solasaldiak eta haren bilduma. Juan Ormaza Renteria eta Mari Angeles «Txikitina» Zabala Larrazabali egindako elkarrizketak (2020, 2024). Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA), 347. mapa. Dueñas eta Larrinaga (2011), Jentilbaratz. Haur folklorea Euskal Herrian. Dueñas (1999), La tradición carnavalesca en Bizkaia, Euskonews. Urbeltz (2001), Danza vasca: aproximación a los símbolos.
Gehiago irakurtzeko: Anartz Ormaza Ugalde, «Anarruek Bakioko kaleak hartuko dituzte berriro ere, hamarkada luzeen ostean», dantzan.eus (2024).
Artikulua dantzan.eus-en irakurri



















